Jarduerak

Gizakiak beste edozein espeziek baino eragin handiagoa izan du Lurrean. Apurka-apurkako prozesu batean, ekosistema gehienak suntsitu edo nabarmen kaltetu dira hazkunde demografiko handiaren, industrializazioaren eta baliabideen gainustiapenaren ondorioz, eta prozesu hori asko bizkortu da, gainera, azken bi mendeotan.

Oihanak, basoak eta hezeguneak hondatzen eta urak, lurrak eta airea poluitzen jarraitzen dugu gaur egun planeta osoan. Hala ere, gizartea pixkana-pixkana jabetu da gure espeziearen biziraupena gainerako espezieen eta haien ingurunearen kontserbazioaren mende dagoela. Garapenak, tokikoak zein globalak, jasangarria izan behar du, eta ingurunea eta ingurune horrek barne hartzen duen biodibertsitatea errespetatu behar ditu. Saiakuntza asko (konferentziak, legeak, hitzarmenak eta abar) egiten ari dira nazioartean, gizateria garapen-helburu horietara bideratzeko, datozen belaunaldiei utziko dizkiegun natura-ondarea eta -baliabideak agortu gabe betiere.

Administrazioek kudeatzen dituzten bitartekoetako batzuk xede horietara bideratzen dira gaur egun, baina gure ingurunea benetan babestu nahi badugu, gizarte-eragile guztiek, publiko nahiz pribatuek, parte hartu behar dute. Sentsibilitate berri horren isla da jende askok hartzen duen konpromiso pertsonala, naturaren eta ingurumenaren alde borrokatzen duten gobernuz kanpoko erakunde eta beste erakunde batzuetako kide edo boluntario eginez.

Helburu horien haritik, bereziki garrantzitsua da ekimen pribatua hartzen hasi den papera, administrazioarena sendotzen duelako, edo, are gehiago, administrazioa iristen ez den zenbait puntutara iristen delako. Gaur egun, errealitate bat da funts eta baliabide pribatuak ingurumena babesteko jardueretara bideratzen dituzten irabazi asmorik gabeko elkarte edo fundazioen bidezko parte-hartzea.

Lurgaia Fundazioak laguntza eman nahi die administrazioei natura-ingurunea babesteko haien eginkizunean, sektore pribatua inplikaraziz eta gizartearekiko lotura eginez. Laguntza hori zenbait eratan gauzatzen da. Lehenengoa, enpresek eta erakundeek emandako funtsekin proiektuak finantzatzea. Bigarrena, partikularrek utzitako edo dohaintzan emandako lursailak kudeatzea. Hirugarrena, banakako konpromiso pertsonalak bideratzea (bazkide izatea edo boluntario gisa jardueretan parte hartzea).

Gure lurraldean ere, ekosistemen gainbeherarekin eta hortik eratorritako biodibertsitate-galerarekin lotuta daude ingurumen-arazoak. Hori dela eta, Lurgaia Fundazioaren ekimenak hiru programatan biltzen dira. Lehenengo biek ekosistema mehatxatuenetan eragitea dute xede: Quercus programak, baso autoktonoetan, eta Aqua programak, hezeguneetan. Eta hirugarrenak, Biodibertsitatea programak, animalia- eta landare-espezieen galera geldiaraztea du xede.

  • Programa Quercus
  • Programa Aqua
  • Programa Biodiversidad

Todas las fotografías son propiedad del fotógrafo de la naturaleza y patrono de la fundación Joseba del Villar y de la Fundación Lurgaia, estando prohibida su copia o reproducción