Quercus Programa

Euskal Herriko ekosistema urrienetako batzuk dira baso atlantikoak. Garai batean mendiak eta bailarak estaltzen zituzten kostaldeko harizti, haltzadi, pagadi eta artadiak pixkana-pixkana murriztu egin dira gizakiaren mende eta mendeetako eraginaren ondorioz. Euskal Autonomia Erkidegoko baso autoktonoek, orain, har zezaketen eremuaren % 20 baino ez dute hartzen. Bereziki dramatikoa da Quercus robur motako hariztien egoera, jatorrian zuten azaleraren % 95 galdu baitute.

Egoera hori aintzat hartuta, baso autoktonoak babesteko eta berreskuratzeko QUERCUS PROGRAMA jarri zuen martxan Lurgaia Fundazioak. Horretarako, lursailen kudeaketa gureganatzen dugu, dela lurrak erosiz, dela haien jabeekin lagapen-hitzarmenak sinatuz; lurraldearen zaintza deritzona, alegia.

Programa honen helburu zehatzak hauek dira:

  • Baso naturalak zaintzea eta berreskuratzea
  • Basoen ezaugarri genetikoak babestea
  • Ekosistema horiek berekin dakarten aniztasun biologikoari eustea
  • Erakunde pribatuak natura-ondarearen kontserbazioan inplikaraztea
  • Herritarrak naturaren babesean konprometi daitezen heztea eta eragitea.
  • Ekosistema horien garrantziaz ohartaraztea eta informatzea.

Izan ere, bertako ekosistemak berreskuratuz eta hobetuz, hemengo landare-espezieen alde ez ezik, biodibertsitatea oro har berreskuratzearen alde egiten ari gara.

Helburu horiek lortzeko, lau ardatz hauek ditu oinarri Lurgaia Fundazioak:

  • Lurraldearen zaintza, kudeaketa-tresnatzat
  • Landarearen jatorria, jarduera-irizpidetzat
  • Borondatezko lana, herritarrek parte hartzeko eta inplikatzeko bidetzat
  • Segida ekologikoa, jarduera-oinarritzat

Pinu- eta eukalipto-landetan, non ez baita txori-kanturik entzuten, ezta belarra edo garoa hazten ere, non ez baitago ez magiarik ez misteriorik, eta lainoa ere ez baita kiribiltzen pago, gaztainondo eta haritzen adarretan, zuhaitz berdin-berdineko paisaia monotono horietan, ezin izan zuten etxea aurkitu euskal mitologiako izaki hauskorrek.
J. L. Arsuaga (2000) (El collar del Neandertal)

Todas las fotografías son propiedad del fotógrafo de la naturaleza y patrono de la fundación Joseba del Villar y de la Fundación Lurgaia, estando prohibida su copia o reproducción